Kabareta Ipar Euskal Herriko barrualdeko hainbat artistak osatzen du, eta Garaiko hitzorduan hamar bat kide taularatuko dira. "Gutariko bakoitzaren emanaldi inbidualak egongo dira ikuskizunean zehar, baita gu denon arteko emanaldi kolektiboak ere. Ikuskizun anitza izango da. Trikitixa, kantak, dantza profesionala eta performancea batuko ditugu, besteak beste", iragarri du Alex Artzelusek, Altxalili kabareteko kideak.
Taldea 2023an taularatu zen lehenengoz Atharratzen (Zuberoa), Bekat'uros jaialdiaren barruan, Ipar Euskal Herriko barrualdeko LGTB herritarrak saretzeko eta euren ikusgarritasuna handitzeko. Eta orain ere hasierako helburu horri eutsi diote. Izan ere, taldekideak "sexerbestea" eginikoak dira: herri txikietan askatu ezin, eta hiri populatuetan bilatu dituzte sexualitate eta identitate askapenak. "Hiri handietako queer eszenan mugitzen ginen, gau giroan, baina ez ginen oso eroso sentitzen. Guk herri txikietan, gure herrietan izan nahi dugu libre, bertan bizi, bertan ligatu. Gure herrietan izan nahi dugu garen hori. Kabaretak horri erantzuten dio, hain zuzen ere: herri txikietako plazak hartzen ditugu", azaldu du Artzelusek.
Ikuskizuna Trumoittek antolatu du eta elkarteko kideak oso ilusionatuta agertu dira ikuskizunaren atarian. "Altxalilik zortzi bat emanaldi baino ez ditu egiten urtean. Zortekoak gara, jasotzen dituzten proposamen guztien artean Garai aukeratu dutelako", adierazi du Ana De la Maza elkartekideak. Ildo horretatik, herria "kolorez janztera" deitu du garaitarrak: "Batu gaitezen herritarrak. Ikuskizun alaia izango da, mereziko duena".
Kabareta 19:00etan hasiko da, eta sarrerak vivetix.com atarian ipini dituzte salgai, 12 euroan. Aurretik, 17:30ean, Igurtzi Serrano eta Signore Vincenzo drag artistek bingoa egingo dute. Kabaretaren ondoren, parranda apur bat egiteko tartea egongo da. 21:30etik aurrera, musika jartzaileak egongo dira frontoian. Eta txosna bat ere ipiniko dute.