Korrikalari kopuruari dagokionez behintzat, honako hau baieztatu daiteke: aurtengoa orain arteko Asto Trail probarik jendetsuena izango da. Iazko 400 parte hartzaileen langa igarota, zapatu honetan 500 kirolari ibiliko dira Garaiko aldatsetan gora eta behera. Proba laburrean 200 lasterkari lehiatuko dira, eta 150 izango dira ibilbide luzeko partaideak. Mendi martxan beste horrenbestek eman dute izena, 150 kirolarik. Datuok eskuetan, antolakuntza taldeko kideak "pozik eta arduratsu" daude. Halantxik azaldu du, behintzat, Unai Etxeitak: "Pozik, jendeak gugan jarri duen konfiantzagaitik, baina arduratsu ere bai, fronte asko dagoelako zabalik dena ondo irten dadin". Etxeitaren esanetan, iazko feedback ona izan da aurtengo arrakastaren gako, "irabazle askok aurten ere parte hartzea erabaki dute eta". Probak era eskalatuan hasiko dira, ordu desberdinetan, "korrikalariak ibilbidean zehar larregi ez nahasteko, hau da, bakoitzak bere erritmoan disfrutatzeko". Mendi martxa 08:00etan hasiko da, lasterketa luzea 09:30ean, eta laburra 10:00etan.
Boluntarioak eredu
500 parte hartzaileek Garaiko herritarren abegikortasuna izango dute ondoan, probetan ezer falta ez dadin. 80 bat garaitar era boluntarioan ibiliko dira lanean. Etxeitak horien guztien lana eskertu du: "Boluntarioen eta babesleen laguntzarik barik ezingo genuen halakorik antolatu. Egundoko lana egiten dute, txalotzekoa. Nagusien elkarteak, adibidez, urtero-urtero laguntzen digu. Eskerrik asko denei", azpimarratu du Etxeitak.
Aurten, herriko baserri-landa bi aparkaleku legez erabili ahal izango dira, parte hartzaileen zein bisitarien ibilgailuak aparkatzeko. Edozelan ere, antolatzaileek autoa partekatzera deitu dute.