Komun publikoa ipini dute Garain

E.H. 2026ko uztailaren 2a

San Migel aldean kokatu dute azpiegitura. GARAIKO UDALA

San Migel aldean kokatu dute, txintxaunen ondoan. Etorkizunera begirako beste proiektu bat ere iragarri du udalak. Jolas eremua estaltzeko asmoa agertu dute, txintxaunak urte osoan zehar egon daitezen erabilgarri.

Garaiko Udalak komun publikoa atondu du herrian. San Migel aldean ipini du, txintxaunen ondoan, kokalekua erabilgarria eta irisgarria izateaz gainera, ura eta estolderia instalazioetarako egokia ere badelako. 73.000 euroko inbertsioa egin du guztira, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du (50.500 euro).

Udalak adierazi du proiektua 2025eko aurrekontuak eztabaidatzeko prozesuan sortu zela, "Herriko Taldeak proposatu ostean, udalean ordezkaritza duten bi taldeek (EAJk eta Herriko Taldeak) komun publiko baten bideragarritasunari buruzko txostena egiteko asmoz, 5.430 euroko diru-zuzkidura" aurreikusi zutenean. Era berean, obrak beste zeregin bat egiteko ere baliatu dituzte: komun publikoa ipintzeaz gainera, sute-ahoak ere instalatu dituzte eremuan

Txintxaunak estaltzeko asmoa

Jolas parkearen eremu horretan beste jarduketa bat egitea ere aurreikusi du udalak. Txintxaunak estaliko ditu umeek jolas-eremua urte osoan erabili dezaten. Beroaldien ondorioak arintzeko helburuz, "irla klimatikoa" eraikiko dutela esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!