Javier Etxeita herrikidearen hutsunea igarriko dute aurtengo sanjoanetan Garain

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 20a

Xabier Etxeita eta Javier Etxeita aita-semeak, Garaiko plazan. ETXEITA-ORMAETXEA FAMILIA

Momoitioko ermitaren inguruak jai giroz beteko dira asteburu honetatik aurrera, sanjoanen harira. Garaitarrek gaur hasiko dituzte ospakizunak, 20:30ean, Donien Atxa jasota. Ondoren, herri afaria egingo dute. Domekan meza eta dantza saioa izango dituzte, besteak beste.

Azken horri dagokionez, herritarrek hutsune sakona sentituko dute, lehenengo sanjoanak izango direlako hainbeste urtean dantzan eta jai giroaren zati izandako Javier Etxeita barik. Etxeita edo Duñabeiti, Garain kariñoz ezagutzen zuten moduan, aztarna sentikorra utzita zendu zelako joan zen abenduaren 17an. 

Herriko baserri batean jaio zen, familia nekazari batean, eta bost neba-arreben artean gazteena izan zen. Txiki-txikitatik izan zuen dantzarako grina, eta etxeko etartean ikasi zuen Dantzari Dantza osoa, zortzi urtegaz, anaia zaharrenak erakutsita. Adin horregaz irten zen plazara, hain zuzen ere, non eta sanjoanetako dantza saioan, orain dela ia 70 urte. Egun hartan aurreskua dantzatu zuen, eta hogei urteko Juanita gaztea izan zuen fandango dantzako bikotekide. Aurreskua amaituta, Etxeitak harrotasunez egin zion ohiturazko mokorkada. 

Urteek aurrera egin ahala, Etxeitak dantzarako grina zabaltzen jarraitu zuen. Durangaldeko aurresku txapelketetan lehiatu zen, eta Iurretan jokaturiko edizio bat irabazi zuen. Garaiko dantza taldera bueltatu zen gero, nagusien artera, eta herririk herri ibili zen dantzan, han-hemenka. Orain pare bat hamarkada, baina, Garain geroago eta dantzari gutxiago zegoela ikusi zuen Etxeitak. Eta joera horregaz kezkatuta, auziari heltzea erabaki zuen: neskek eta mutilek osaturiko talde misto baten sorrera bultzatu zuen, erabaki berritzailea garai hartarako. Dena dela, talde misto horrek entseguak gogo biziz egin arren, gizonek jarraitu zuten Dantzari Dantza plazan egiten herriko egun handian, Santixau egunean. Emakumeek San Inazio egunean eta Santa Katalinako jaietan dantzatzen jarraitu zuten.

Etxeitak sekula ere ez zuen galdu esperantza emakumeak herriko egun handian Dantzari Dantzan ikusteko. Egun hori gerora ailegatu zen, orain hainbat urte herriko emakume batzuk berarengana joan ziren-eta Dantzari Dantza erakusteko eskatzera. Entseguak hasi zituzten, baina ez ziren 2023ko jai nagusietarako prest egon. Eta, azkenean, 2024an ailegatu zen egun seinalatua, zortzi emakume gaztek Dantzari Dantza egin zutelako Santixau bezperan, herriko plazan, azkenenengo entsegu modura. Momentu hunkigarria izan zen Etxeitarentzat. Dantzari Dantza amaitu eta gero, emakumeek erregelak egin zituzten, eta dantzariek plazara atera zuten, aurreskulariak eskatuta, jaia fandangoagaz eta arin-arinagaz amaitzeko. Azkenik, txapel morea oparitu zioten. Etxeitak harro hartu zuen oroigarri hura.

Dantzaria 65 urtegaz irten zen plazara azkenengoz, jubilazioa hartu berritan, Santa Ana egunez, orain hamabi urte. Hala ere, dantzarik egin ez arren, dantzaria izan zen azken egunera arte. Eta garaitarrek ere halantxik gogoratuko dute beti. Baita sanjoan hauetan ere, Momoitioko ermitaren eta giro herrikoiaren babesean, suaren ondoan, beti dantzan.


8 urtegaz irten zen lehenengoz plazara. 

 


Javier Etxeita, ezkerrean, Jokin Arregigaz erregelak egiten. ETXEITA-ORMAETXEA FAMILIA

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!