Gerediagak eta Garaiko Udalak herriko ondarea batzeko egitasmoa hasi dute. Hiru adarreko proiektua da, elkarrizketak egitea, material grafikoa batzea eta herriko etxeetan gordeta egon daitezkeen dokumentu zaharrak batzea helburu duena. Izaera etnografikoko egitasmoa da horrenbestez, Garaiko ondare materiala eta ez materiala batzeko eta dokumentatzeko balioko duena.
Elkarrizketei dagokienez, Gerediagako lan-taldea Garaiko bizimoduari buruzko testigantzak grabatzen hasiko da herritarrekin: berbaldietan, etxeen arkitektura eta diseinua, ogibidea, elikadura, errituak, kantuak, jolasak, eskola eta auzolana aletuko dituzte, besteak beste. Elkarrizketatu bakoitzak bizipenei tiraka eskainiko du bere kontakizuna. Grabaketa horiek sarean ipiniko dituzte ikusgai, gerora. Bestalde, irudi zaharren bilketak iraganeko bizimodua islatzeko balioko du, eta baserrietan gordeta egon daitezkeen dokumentu zaharrak baliagarriak izango dira herriko historian eta ohituretan sakontzeko: egitasmoaren bultzatzaileen berbetan, dokumentuek familia, jabetza, nekazaritza jarduera eta komunitate harremanen irudia jasotzeko balioko dute.
Ondarea, transmisioa eta elkarlana
Garaiko alkate Erramun Osaren berbetan, egitasmoa beharrezkoa da herriaren ondarea jasotzeko: "Herri baten ondare materiala eta ez materiala mintzajardunean; bizipenetan; kontakizunetan; belaunez belaun transmititzen diren ohituretan; toki-izenetan; etxeetan gordeta, baliorik ematen ez diegun paperetan eta abarretan islatzen da. Herri erakundeen zeregina da ahalegintzea horiek guztiak ikertu, arakatu eta bil daitezen, ondoren datozenei transmiti dakien. Nondik datorren ez dakienak, zer izatera iritsi den barruratzen ez duenak, enborrik ez duen arbola bat ematen du”, azaldu du Osak.
Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentearen ustez, ondarearen bilketak historia ulertzeko gakoak eman ditzake. “Herritarren kontakizunak entzunda eta etxeetan egon daitezkeen dokumentuak aztertuta, Garaiko herriaren historian barneratuko gara. Lana baliozkoa eta interesgarria izango dela uste dugu”, azaldu du Gomezek. Gerediaga elkarteak lan-talde bat osatu du egitasmoa aurrera eramateko, eta ikerlariek herritarrengana joko dute informazioa, eta dokumentuak kontsultatzeko helburuz.