Garaiko Asto Trail mendi lasterketako antolatzaileek jardunaldi bat egingo dute zapatu honetan, maiatzak 30, korrikalariei lasterketa gertuagotik ezagutarazteko. "Jendea galdezka etortzen da gugana. Zalantzak izaten dituzte, ibilbide luzea ala laburra egin, eta irteera honek horretarako balioko du, hain zuzen ere: parte hartu gura dutenei desnibelak, aldapak eta lasterketako ezaugarriak erakusteko", azaldu du Gaizka Barrainkua antolakuntza taldeko kideak. Hitzordua 09:00etan egin dute, eta interesdunek zabalik dute jardunaldian izena emateko aukera. Nahikoa izango dute inprimaki bat betetzea.
Parte hartzaileak Garaiko plazan batuko dira. Antolatzaileek armosu txiki bat prestatuko dute, eta, behin aurkezpen lanak eginda, mendi aldera egingo dute korrika, ibilbidea ezagutzeko. Barrainkuak zehaztu duenez, probako ibilbidea da zeharkatuko dutena, baina erritmo lasaiagoan egingo dute: "Parte hartzaileen arabera zehaztuko dugu dena, baina asmoa erritmo lasaian korrika egitea da. Lasterketa laburrean, gainera, are pauso lasaiagoan mugituko gara", iragarri du garaitarrak.
Ibilbidean zehar, hainbat geldiune egingo dute ura, freskagarriak eta gominolak eskainita. Eta behin zirkuitua amaituta, Garaiko plazara bueltatzean, edatekoa eta kopaua izango dituzte zain.
Uztailaren 18ari begira
Oraindik hilabete batzuk falta dira Garaiko Asto Trail proba ailegatzeko, baina interesdunek zabalik dute honezkero proban inskribatzeko aukera. Aurten, parte hartzaile kopurua zabaldu dute 400 plazatik 500era. Izen-emate kopuruak martxa onean doazela esan dute antolatzaileek.