2013tik honako ohiturari eutsita, Garaik eta Lantziegok udalerri bien arteko senidetzea berrituko dute zapatu honetan. Aurten, arabarrak etorriko dira bisitan. Garaitarrek 11:00etan egingo diete harrera, Momoitioko San Juanen, eta behin hamaiketakoa eginda, Trumoitako gotorlekura joango dira arabarrei herriko ondarea erakusteko. Bisita amaitzean, herri-bazkaria egingo dute denek, 14:30ean, plazan, musikaz girotuta. Udalak zehaztu duenez, eguraldiak laguntzen ez badu, bisita San Migel elizan egingo dutela, eta herri-hazkaria, frontoian. Era berean, udalerri bietako herritarrek talde argazkia hartuko dute San Migel elizaren ondoan, Garain landaturiko artea eta Lantziegotik ekarritako mugarria eta mahastiak dauden lekuan.
Hamahiru urteko ohitura
Garaiko eta Lantziegoko udalak 2013an senidetu ziren, bi udalek sinaturiko akordioen bitartez. Hori horrela, urte batean, Garaiko herritarrak Lantziegora eta, hurrengoan, Lantziegokoak Garaira hurreratzen dira, senidetza-akordio hori urtero-urtero berrituta.