Garaiko kaleak kolorez beteko dira domekan, Landare eta Lorazaintza Azokagaz

E.H. 2026ko apirilaren 14a

Landare apaingarriak, fruta-arbolak, baserriko tresneria, landare haragijaleak, hazi ekologikoak... Euskal Herriko dozena bat mintegik era guztietako landareak salduko dituzte domeka honetan, Garain. Halaber, Durangaldeko gazta, ogia, gozoak, kontserbak eta artisau garagardoa ere erosi ahalko dira. Txosna batek taloak eta edariak salduko ditu. Azoka 10:00etan hasiko da.

Domeka honetan, apirilak 19, Garai landareen eta loreen topaleku bihurtuko da XII. Landara eta Lorazaintza Azokari eskerrak. Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak antolatuta, feria goizeko 10:00etatik 15:00etara bitartean egingo da , ohi bezala, giro jatorrean, eta beti bezain koloretsu. Ahal dela, plazan. Eta eguraldiak ahalbidetzen ez badu, frontoian. Aurten, 12 lorezaintza mintegik plazaratuko dituzte era guztietako landareak: apaingarriak, fruta-arbolak, kaktusak, landare haragijaleak zein baratzerako hazi ekologikoak. Horrez gainera, lorazaintzarako lanabesak, baserriko tresnak eta egurra eta loreak uztartzen dituzten artisauen lanak ere erosi ahalko dira dira. Ekoizleek, halaber, aholku teknikoak emango dizkiete bertaratzen diren erosleei.

Landareez gainera, Durangaldeko baserriko produktuek ere lekua izango dute. Tokiko ekoizleek gazta, ogia, gozoak, kontserbak eta artisau-garagardoa salduko dituzte, bestea beste. Gainera, txosna bat ipiniko dute azokan, bertoko produktuekin prestatutako taloak eta edariak eskaintzeko. 

Kontsigna zerbitzua

Bisitarien erosotasunerako, Garaiko nagusien elkarteak zaindegi edo kontsigna-zerbitzua kudeatuko du. Azokazaleek bertan utzi ahalko dituzte erositakoak, feria lasaiago ikusteko. Gainera, zerbitzu hori erabiltzen dutenen artean Etartie dendako produktuen-otzara bat egingo dute zotz.

Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak herritar guztiak gonbidatu dituzte azoka giroaz gozatzera. Era berean, eskerrak dizkiete ekimena posible egiten duten boluntario eta lantalde guztiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!