Ona, Gaizka Barrainkua antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, “teknikoki ez zelako arazorik egon, ez zelako istripurik egon, bidegurutze guztiak behar bezala zainduta egon zirelako eta ikusle asko gerturatu zelako". Alabaina, txarra ere bai, proban nahi baino kirolari gutxiagok parte hartu zuelako. 60 izan dira aurten. "Kontua da izan 60, 100 edo 120 kirolari, guk berdin-berdin egin behar ditugula antolakuntza lanak, eta urtero izaten dugula sentipen bera: proba honek indarrik hartzen ez duen sentsazioa. Kirolariek dioskue proba ederra dela, herri ederra dugula, dena primeran dagoela, baina gero ez dugu hori parte hartzaile kopuruan islatuta ikusten. Badirudi ez gabiltzala zerbaitetan asmatzen", esan du Barrainkuak.
Seigarrenaren bila
Gorabeherak gorabehera, antolatzaileak datorren urteko proban pentsatzen ipini dira. "Ez dakigu zer egingo dugun. Formatua aldatuko dugun, ohiko duatloi bat egingo dugun edo duatloi herrikoia egingo dugun". Edozelan ere, helduleku ziurra dute eskura, boluntario sare fina izaten dutelako urtero, proba antolatzen laguntzen. "Herritarrak, elkarteak, nagusien elkarteko kideak, udala... herri osoa inplikatzen da, eta horri esker antolatzen dugu proba", azaldu du Barrainkuak: “Txalotzekoa da herrikideen lana”.
Bistakoa denez, osagaiak badituzte. Eta ziur horiekin errezeta gustagarria egiten asmatuko dutela. Seigarrenaren balantzea gozoa bakarrik izan dadin. Garaiko duatloiak beste hainbeste urte eta gehiago iraun ditzan.