Garaiko Udalak herri basoak oihanberritu ditu Foru Aldundiarekin eta Iberdrolarekin elkarlanean. Hiru milatik gora arbola sartu ditu Trumoita aldean. Ametzak, arteak eta urkiak 45.000 metro karratuko arloan, eta itsas pinuak eta zedroak 52.000 metroko azaleran. Udal iturriek azaldu dutenez, lursail bakoitzaren orientazioa kontuan hartuta erabaki dute zein espezie landatu. Jarduketa horri eskerrak, udalak "basoa dibertsifikatu" gura du, "bertako espeziei gero eta toki zabalagoa" eskaini. Horrez gainera, "bestelako jardueretatik diru sarrera urriak" jasotzen dituela eta, "baso ustiapena" erabili gura du etorkizunean, diru sarrerak lortzeko. Arbolak sartzeaz gainera, horiek babesteko itxiturak ere ipini dituzte. Esku hartze osoak 82.200 euroko inbertsioa izan du.
Halaber, udalak arrakalak eta zuloak konpondu ditu Oiz mendirako bidearen hasieran. Konpontze lanek 16.000 euroko aurrekontua izan dute.
Akordioa ere bai
Garaiko Udalak hainbat akordio egin du lursail txikietako jabe pribatuekin. Hartara, arlo horiei irtenbidea emateaz gain, herri-basoen hedadura eta jarraitutasuna sustatu nahi ditu. Horiek horrela, aurten, 90.000 metro koadro herri baso bihurtzeko urratsak egiten dihardu.