Eskualdeko luze-zabalean Garai da, seguruenik, San Anton egunez baserriko produktuen enkantea egiten duen herri bakarra. Bertako errematak 400 urte baino gehiagoko historia duela dio Lazaro Milikuak, eta, berak dioenez, baliteke Elizabarrik ateak 1550ean zabaldu zituenetik honako ohitura izatea. "Esango nuke San Juan eliza sortu zenetik hona egiten dela erremata. Elizako gastuak-eta ordaintzeko egingo zuten hasieran, eta ohiturak urterik urte iraun du gaur arte. Hemen, behintzat, betidanik ezagutu dugu, baita gure gurasoek eta haien aurrekoek ere", azaldu du Milikuak. Gaur egun ere hasierako asmo horri eusten diote, errematan baturikoak elizarako eta Caritasentzat gordetzen dituzte eta. "Salbuespen bakarrenetarikoak Thailandiako tsunamikoei laguntzea eta Ekuadorreko lurrikaran kalteturikoei laguntzea izan dira", gogorarazi du garaitarrak.
San Anton baserritarren eta abereen zaindaria izanik, herritarrek eskaintzak egin izan dizkiote santuari urterik urte. Lazaro Milikuak, adibidez, ondo gogoan ditu txerrikiekin egindako errematak: "Lehen txerri jenero gehiago egoten zen, txerriak baserri guztietan egoten ziren eta. Odolostea, txistorra, lukainka... Etxean beti entzun ditut San Antonio txiki, lukainka hau San Antonetarako gorde... eta halako berbak. Errematan txerrikumea ikusita nago. Baita untxiak, oilaskoak, oilandak eta txakurrak ere. Baina, jakina, animalien legea dela-eta gaur egun ezin dugu halakorik egin", zehaztu du Milikuak.
Zapaturako prest
Lazaro Milikuak hamabost urte baino gehiago egin ditu Garaiko erremata dinamizatzen. Negugogortarrengandik hartu zuen ekitaldia gidatzeko ardura, eta zapatu honetan ere pozik arituko da porruak, arrautzak, pastelak, babarrunak zein txorizoa enkantean saltzen. Pozik saioa gidatzen eta herritarrak zirikatzen. Meza 12:00etan egingo dute, eta hura amaitutakoan hasiko dute erremata.