Garaiko Udalak eta Aldundiak Biribilak mendietan, Seles, kortak, saroiak erakusketa atondu dute Elizabarrin, mendietako korta-basoei buruzko esposizioa. Horma irudiekin, aireko argazkiekin eta dokumentu historikoekin ondutako erakusketa da, korta-basoen jatorria, egitura, mugatzeko erak, tipologia, kokalekuak eta erabilera aletzen dituena. Erakusketa azaroaren 9ra arte bisitatu ahalko da zapatuetan eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara.
Besteak beste, XVII. eta XVIII. mendeetako korta-basoen jatorrizko krokisak ikus daitezke, Iurretako Udal Artxibo Historikoko aleak euretariko batzuk, eta baita Juan Ramon Iturritza historialari berriztarraren eta Pedro Bernardo Villareal ingeniariaren testu zaharrak ere.