Garaik Euskal Herriko ardi-txakurren Txapelketa hartuko du zapatuan, irailak 13. Udalak, Gerediagak, Urkiola Landa Garapenerako elkarteak eta Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkarteak (EHATE) dena daukate prest, zapatuan Euskal Herriko bazter guztietako ardi-txakurrik onenak lehian ipintzeko. Txapelketa 17:00etatik aurrera jokatuko da, Aiartza aldeko zelaietan.
Txakurrek ariketa bi egin beharko dituzte artzainen esanetara. Lehenengoan, txakurrak artaldera joan beharko du zelaiaren barrenetik, eta bidean, bi bider gelditu beharko du epaimahaikoek agindutakoan. Ondoren, artaldera sartu eta zelaiaren erdiko hesitik igaroarazi beharko ditu ardiak, harik eta taldea artzainaren ingurura gidatu arte. Jarraian, txakurrak beste hesarte batetik igaroarazi beharko ditu ardiak. Bigarren proban, lehiakideek zazpi minutu izango dituzte txakurrak banderatxoz seinalatutako bidetik joanda ardietara hurreratu, artaldea hartu eta eskortan sartzeko. Azkenik, zakarkeriarik barik atera beharko dituzte kanpora ardiok.
Aurtengoa txapelketaren 57. edizioa izango da. 11 txakurrek parte hartuko dute. Iazko garaileak, Atxondoko Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketako irabazle Javier Zubiaurre eta Mendi. Era berean, herrialdekako txapelketetako txakurrik onenak:
- Fidel Alonso eta Lis txakurra (Areta, Laudio, Araba)
- Jose Mari Jauregi eta Sua txakurra (Ilarduia, Asparrena, Araba)
- Karlos Ardanza eta Mendi txakurra (Abadiño, Bizkaia)
- Marcos Aspizua eta Negu txakurra (Urduña, Bizkaia)
- Juan Jose Egurrola eta Baserri (Etxebarria, Bizkaia)
- Aitor Tato eta Fidel txakurra (Ataun, Gipuzkoa)
- Javier Zubiaurre eta Argi txakurra (Mutriku, Gipuzkoa)
- Jose Mari Bengoa eta Zeu txakurra (Oñati, Mutriku)
- Jesus Razkin eta Mendi txakurra (Etxarri-Aranatz, Nafarroa)
- Jorge Oteiza eta Lagun txakurra (Oronoz, Baztan, Nafarroa)
Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa Garain antolatu zen lehenengoz, 1973ko irailaren 13an. Zuhatzako Jesus Azpiazu eta Mendi txakurra (Aiara, Araba) izan ziren irabazleak. Ordutik hona 52 urte igaro diren arren, 57. edizioa izango da aurtengoa. Ez da Garaik txapelketa hartu duen lehenengo aldia. 1981ean, 1988an, 1997an, 1999an, 2021ean eta 2023an egin da. Azken urteotan, Garaik eta Atxondok txandaka hartu dute txapelketa.