Astelehen arratsaldea da Garain. Oinatz Urtiaga, Egoitz Gil, Unai Etxeita eta Gaizka Barrainkua plazan batu dira sasi-garbitzeko makina hartu eta mendira joateko. Ibilbideko tarte batzuk garbitu behar dituzte, zapaturako dena prest egon dadin. Hiru proba izango dira; mendi martxa 08:30ean hasiko da; lasterketa luzea (26 km) 09:30ean eta laburra (16 km) 09:45ean.
Izen-ematea agortuta dago. Pozik?
Gaizka Barrainkua: Oso pozik. Sastrakak moztera joateko animoa ematen digu (barreak). 150 lagun apuntatu dira martxan; 160 laburrean eta 90 luzean.
Unai Etxeita: Batez ere azken astean nabarmen igo da izen-ematea. Aste batean 110 lagunek eman dute izena.
Zeren ondorio izan daiteke arrakasta hau?
U.E.: Aurreko urteetako feedback-ak onak izan dira eta Durangaldeko Kopak bultzada eman digula uste dut. Herri txikia izanda ea zelan erantzuten dugun: 400 pertsona, eurekin datozenak… Jende asko da eta gure onena emango dugu. Jendeari denboragaz etortzea gomendatzen diogu, lasai aparkatu eta ibiltzeko.
Nortzuk izango dira irabazteko faborito?
Oinatz Urtiaga: Luzean Ibai Cebrian durangarra eta Unai Intxaurraga nabarmendu daitezke mutiletan. Nesketan Oihana Kortazar eta Nerea Amilibia, iazko irabazlea. Iaz laburra irabazi zuen Lola Oyarzabal luzera apuntatu da aurten. Itsasne Urkiaga zornotzarra eta Ane Ibañez ere sartuko nituzke. Laburrean, berriz, Paul Bereziartua eta Kimetz Aranburu gizonetan eta Zutoia Odriozola emakumeetan, besteak beste.
G.B.: Zozketak egongo dira parte-hartzaileen artean: landetxean gaua, menu bat, masajeak, produktu otzarak…
Ibilbideak urteroko berdinak dira?
G.B.: Aldaketa txiki bat dago. Iaz Jandolamendi kendu egin genuen baso lanengaitik eta aurten berreskuratu egin dugu. Mendi-bide polita da. Hasieran, hirugarren kilometroan, hormigoizko zati bat kendu eta bide zahar bat berreskuratu dugu. 28 kilometrotik 26ra laburtu dugu luzea. Distantzia erakargarriagoa da, ibilbideko toki esanguratsu denak mantenduta.
Zenbat boluntario ibiliko dira lasterketa egunean?
G.B.: 56 inguru. 300 biztanleko herri batean hainbeste boluntario izatea pozgarria da.
Durangaldeko Koparen barruan egoteari zer onura ikusten diozue?
G.B.: Hasteko, ikusgarritasuna handitu da. Gero, koordinazio aldetik abantailak ditu. Izen-ematean denok plataforma bera erabilita prezio hobea lortu dugu eta berdin txipak egiterakoan.