Garaik zerbitzu berri bat izango du laster: komun publiko autogarbikorra. Zerbitzua plazatik gertu kokatuko dute, San Migel aldean, umeentzako jolas-parkearen ondoan. Udalak lizitaziora atera berri du proiektua, eta prest ditu beharrezko plegu administratibo eta teknikoak. Aurreikuspenen arabera, udazken partean hasiko dira instalazioa eraikitzen, behin lizitazio prozesua amaituta. Hortik aurrera, enpresa onuradunak hiru hilabeteko epea izango du lanak amaitzeko. Garaiko Udalak 83.670 euro erabiliko ditu instalazio berria jartzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak kopuru horretako 50.000 euro lagunduko ditu diruz.
Garaiko EAJk eta Herriko Taldeak 2025eko udal aurrekontuetan adostu zuten herrian komun publikoa ipintzea. Halaber, Herriko Taldeak gogorarazi du berea izan zela zerbitzua ipintzeko proposamena: "Gure hauteskunde programako proiektuetako bat zen, jeltzaleen programan ageri ez zena. Udalerrian komun publikoa ipintzea izan zen, hain zuzen ere, udal aurrekontuei baiezkoa emateko baldintza", adierazi du Jon Martin Larruskain Herriko Taldeko bozeramaileak. EAJren gobernu taldeak begi onez ikusi zuen proposamena, eta halantxik, Garaiko udal aurrekontuek aho batez egin zuten aurrera, EAJko eta Herriko Taldeko ordezkari guztien aldeko botoekin.
Proposamena egikaritzea, berriz, uztaileko osoko bilkuran erabaki dute alde biek. Hiru kokaleku posible aztertu dituzte komun publikoa ipintzeko. Herriko plaza izan da bata; San Migeleko elektrolineraren ondoko eremua, bestea; San Migeleko txintxaunen ondoko arloa, hirugarrena. Udalak azken horretan ipiniko du komuna, "urbanizatutako espazioan ahalik eta trabarik txikiena eragiteko asmoz eta erabiltzaileen irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz", baita "ur hornidura, estolderia eta erabilgarritasuna kontuan hartuta" ere.