Udako egunak girotzeko eta uztaileko egunei uda itxura emateko egitaraua antolatu du Trumoitte Kultur Elkarteak Garain. Alde batetik, barikuan, uztailak 4 20:00etan Mojito eta Salsa gaua antolatu dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, San Migel eliza inguruan izango da, eta haurrentzako mojitoak ere egongo dira.
Bestalde, uztailaren 12rako serigrafia tailerra antolatu dute. Tailerra 11:00etan hasiko da, eta Torontilek emango du. "Trumoitte kultur elkartetik gure izaeraren eta herri ekimenaren adierazle izango den kamiseta baten diseinua egingo da, eta zure kamiseta eskuratu eta sortzeko aukera aparta izango duzu", azaldu dute. Hori horrela, kamiseta eskera uztailaren 2a baino lehen egin beharko da formulario honen bitartez.