Garai: elkarteen lana herria hauspotzeko

Anboto 2025ko eka. 20a, 09:30

2023ko Sagardo Eguna

Metropolietako ekitaldi erraldoien aurrean, herri txikietako eragileek egundoko lana egiten dute kulturaren bitartez herria bizirik mantentzeko. Adibideetariko bat Garai da. Bertako Trumoitte elkarteak eta Nagusien elkarteak urteak daramatzate ekitaldiak antolatzen, baina azpimarratzekoa da azken urteotan batak eta besteak antolatutako ekintza kopuruak gora egin duela nabarmen. 

"Gogoeta batetik etorri da dena. Izan ere, Garain ez daukagu eskolarik, ez enpresarik. Jendea lotara etortzen da hona, eta herritik kanpoko jende asko ere gure herrira etorri da bizitzera. Beraz, beharrezko ikusten genuen ekintzak antolatzea haiek herriko bizimodura hurbiltzeko. Gure apustua hilabetean behin, gutxienez, ekintza bat antolatzea da. Herria bizirik mantentzea da oinarria", azaldu du Trumoitteko Alazne Sarrigoitiak. Nagusien elkarteko kideak ere bat datoz. Argi dute ekitaldiak antolatzea ezinbestekoa dela herritarrak batzeko. "Lan handia egin dugu azken urteotan, izan ere, nagusientzat eskaintza atsegina prestatzea da gure helburua, eurak gustura egotea. Hileko azken eguenetako topaketak, bisita gidatuak, txangoak, Kultur Astea eta Kantulagun egitasmoa antolatzen ditugu, besteak beste", azaldu du nagusien elkarteko Virginia Ormaetxea bokalak. Gainera, lanketa horren emaitzak hartu-emanetan ere islatu direla igarri du. "Lehen, urrutiago-edo geunden nagusion artean. Orain, lotura gehiago egin dugulakoan nago", esan du. 

Epe motzera begirako ekitaldi biren berri eman dute elkarte biek. Trumoitte elkartekoak Garai Uda Giroan ekitaldi-sorta prestatzen dabiltza. Uztailean egingo dute. Nagusiek beste txango bat dute zain. Uztailean, Hondarribiko alde zaharra ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!