San Isidro ez da Garaiko nagusien elkarteari izena ematen dion santua, ezta udalerriko jaieguna ere. Alabaina, herriko nagusiek aspaldikoa dute maiatzaren 15ean batu eta bazkaltzeko ohitura. Atzo ere berritu zuten usadioa, Herriko Tabernan batu ziren-eta elkarteko 41 kide. Gainera, bapo-bapo bazkaldu eta gero, Kantulagun egitasmoko entsegua egin zuten. 15 bat euskal kantu prestatu zituzten. Oraindik ez dute udaberriko Kantulaguna zein egunetan egingo duten argitu, baina aurreratu dutenez, ekain bueltan izango da. Egun horretan, Garaiko nagusiek kalera irtengo dute euskal kantak abestera eta herrikideak kantuan ipintzera.