2013tik honako ohiturari eutsita, Garaiko eta Lantziegoko herritarrek (Arabako Errioxa) beren senidetzea berrituko dute zapatu honetan. Udalerri bietako biztanleak txandaka ibili izan dira urterik urte, harrerak zein bisitak egiten. Bada, aurten, garaitarrei egokituko zaie lantziegarrak bisitatzea. Autobusak 07:45ean irtengo du Oiz magaletik, eta 09:45 aldera iritsiko da Toloñopeko lurretara. Behin hara iritsita, Lantziegoko herritarrek harrera egingo diete garaitarrei. Ondoren, zeltiberiar urmaela bisitatu, hamaiketakoa egin, eta udalerriko kaleetan zehar pasealdia egin eta gero, herri bazkaria egingo dute. Senidetzeari loturiko jarduerak 19:30ak aldera amaituko dituzte, ohi bezala, Garaiko artea eta Lantziegoko Udalaren ezaugarriak ezarrita dauden parkean talde-argazkia aterata.
Garaiko eta Lantziegoko udalerriak 2013an senidetu ziren. Ordutik hona, izurri sasoiko urteetan salbu, udalerri biek senidetzea berritu izan dute, elkar bisitatuta. Garaiko San Migel elizaren aurrealdean herri bien senidetzea irudikatzen duen oroitarria dago jarria.