ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: Garaiko umeak euren ortu propioa prestatzen hasi dira

Ekaitz Herrera 2025ko api. 29a, 15:00

Kalabaza haziak eta krispetatarako arto garaunak erein dituzte potoetan, eta txorimalo polit-polita egin. Izen apropos-aproposa ipini diote azken horri: 'Babarrun'. Orain, ortua zein arlotan ipini aztertzen dabiltza. (Bideoa: Trumoitte kultur elkartea)

Trumoitte kultur elkarteko kideek egitasmo berri bat hasi dute herriko umeen jolas eta heziketarako: herriko haurrentzako ortua prestatzen hasi dira. Joan zen domekan egin zuten lehenengo jardunaldia, frontoian. Bertaraturiko umeek kalabaza haziak eta krispetatarako arto-garaunak erein zituzten hainbat pototan, eta behin tailerra amaituta, etxera eraman zituzten, hurrengo ekintzara arte. Ana De la Maza ekoizlea izan zuten ereite lanetarako bidelagun.

Maiatzaren 18an izango dute hurrengo jardunaldia, 10:30ean. Ordura arte, umeek euren etxeetan zainduko dituzte ernalketak, harik eta ernamuinak ortuan landatzeko momentua iristen den arte. "Aurten, kalabaza ereitea pentsatu dugu, urri aldera Arimen Gaua ospatu ahal izateko. Gainera, gerturatzeko aukerarik izan ez duten umeentzako ere kalabaza haziak erein ditugu, hurrengo ekintzarako erabilgarri izan ditzaten, azaldu du Trumoitteko Alazne Sarrigoitiak. Alabaina, kalabaza bakarrik ez, krispetak egin ahal izateko arto-garaunak ere erein zituzten, eta "intsektuentzako hotela" eta kartelak egin. Era berean, txorimalo polit-polita egin zuten: Babarrun. Horiek guztiak ortuan behar bezala ikusteko, baina, maiatzaren 18ra arte itxaron beharko da. 

Trumoitteko kideek iragarri dutenez, ortuak ez du leku zehatzik momentuz, baina "plaza inguruan" egongo dela aurreratu dute, "umeek eskura izan dezaten". Egitasmoaren izaera azpimarratu du Sarrigoitiak: "Landa-eremuko herria garenez, gure umeak baserriko zereginetara gerturatu gura ditugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!