Trumoitte Kultur Alkarteak herriko umeentzako ortu bat sortuko du. Garai landa eremuko herria den heinean, umeak mundu horretara gerturatzea eta naturarekiko harremana sustatzea dira ekimenaren helburuak.
Kalabaza haziak ereinda ekingo diote egitasmoari. Lehenengo haziak potetxoetan ereingo dituzte eta, aurrerago, landareak sortuta daudenean, ortuan landatuko dituzte. Haziak potetxoetan ereiteko hitzordua domeka honetan, 10:30ean, jarri dute. Herriko plazan elkartuko dira.
Proiektuari ekiteko kalabaza aukeratu izana ez da kasualitatea. Ortuan hazitako kalabazak urri amaieran ospatuko den Arimen Gauean erabili gura dituzte.