Lore-apaingarriak, orturako haziak, landare aromatikoak, eguzki-lorea, landare haragijaleak… gaur, Landare eta Lorezaintza Azokaren edizio berria egiten dabiltza Garain. Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak frontoian atondu dute azoka gunea, eta bisitariak, eguraldi umelari aurre eginda, gogotsu hurbildu dira feriara. Azoka 10:00etan zabaldu dute, eta 11:00ak aldera jende mugimendu polita sortu da frontoian. Bisitariek 15:00ak arte izango dute ekitaldiaz gozatzeko aukera, ordu horretan zarratuko ditu-eta feriak.
Landareez eta loreez gainera, gazta, ogia, eta gozogintza-produktuak ere eskuratu daitezke azokan. Gainera, frontoiaren pareko probalekuan talo saltoki bat ipini dute.