Domeka honetan, Landare eta Lorezaintza Azokaren hamaikagarren edizioa egingo da Garain. Aurten, Euskal Herriko dozena bat lorezaintza eta lore enpresek parte hartuko dute. Landare apaingarriak, zuhaixkak, kaktusak, landare haragijaleak, Euskal Herriko hazi eta landare ekologikoak, landare txikiak, loretzaintza lanabesak, egurra, baserriko tresnak eta loreak egongo dira, besteak beste. Horiez gainera, Durangaldeko lau baserritar ekoizlek beren produktuak salduko dituzte bertaratzen direnen gozamenerako: gazta, baserriko ogia, gozoak, garagardoa eta kontserbak saltzen ibiliko dira. Gainera, azoka-esparruan txosna bat ere egongo da. Txerriki pintxoak eta edariak salduko dituzte bertan.
Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak jakinarazi dutenez, aurten ere, erosketak gordetzeko kontsigna-zerbitzua egongo da. Era horretan, azokazaleek erositakoak gorde eta azokaz gozatzen jarraitu ahalko dute, etxera joan arte. Zerbitzu hori erabiltzen dutenek Durangaldeko produktuen otzara baten zozketan parte hartuko dute. Irabazleak Durangoko merkatu plazako Etartie dendan jasoko du saskia, baserritar baten eskutik.
Azoka Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak antolatu dute, Garaiko nagusien elkarteko kideen laguntzagaz.
Azokako parte hartzaileak:
- Kimu loradenda (Berriz): landare apaingarriak, denda.
- Murueta Lorategia (Murueta): landare apaingarriak.
- Biolandare (Gamiz-Fika): landare ekologikoak.
- Bite me plants (Erandio): landare haragijaleak
- Lurgorri (Zornotza): landare apaingarriak eta ortukoak.
- Viveros Gordexola (Gordexola): landare apaingarriak, zuhaixkak
- Viveros Larena (Zaragoza): lore apaingarriak
- Cactus Islaya (Errenteria): bildumako kaktusak
- Leaniz tresnak (Elorrio): baserriko tresnak
- Mikel Arbulu (Atxondo): bitxiak eta eguzkiloreak (loreak)
Elikagaiak, jan-edana
- Karlos Ibarrondo (Elorrio): txosna
- Eñaut Gallastegi (Mallabia): Idiazabal gazta
- Ana De la Maza (Garai): kontserbak eta garagardoa
- Mañeko Azpi baserria (Mallabia): ogia eta gozoak