45 urtean kantatu barik egon eta gero, Santa Ageda koplak berreskuratuko dituzte Garain

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 29a, 15:00

"Zorion etxe hontako danoi, oles egitera gatoz..." dio kopla zaharrak. Garain, urte askoan abestu barik egon eta gero, ostera ere entzungo dira doinuok otsailaren 4an. Nagusien Elkarteko kideak Santa Ageda eguneko koplak abestera irtengo dira, eta herritarrak deitu dituzte egitasmoan parte hartzera.

"Duela urte asko, duela 45 bat gutxi gorabehera, koplak abestera irteteko ohitura zegoen herrian, baina urteak joan urteak etorri, usadioa galdu zen. Aurten, aspaldiko partez, ohitura berreskuratzea erabaki dugu", azaldu dute Nagusien Elkarteko kideek. Azken asteotan entseguak egiten ibili dira, eta dena daukate prest datorren martitzenerako. Eztarria berotzea eta kuadrillan batzea baino ez zaie falta. Hitzordua honako hau da: 20:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta ibilalditxo bat egingo dute han-hemenka abestuta. "Herrigunean zehar ibiliko gara koplak abesten. Ibilbide txiki bat egingo dugu. Hiru bat geldiune egitea daukagu buruan", zehaztu dute. Gonbita egina dago: jubilatuek gainerako herritarrak deitu dituzte lurra iratzartzeko makilak eskutan hartu, baserritar jantzi eta hitzordura agertzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!