Eguerdiko meza amaitu eta gutxira hasi dute enkantea, aldarearen ondoko mahaia baserriko elikagaiekin bete-beteta zegoela: ardi-esnez beteriko botilak, arrautzak, lukainkak, txorizoa, urdaia, baba gorria, etxeko pastelak, sagardoa... herritarrek mimo handiz prestaturiko elikagaiak guztiak. Lazaro Milikuak ez du dudarik izan. Elikagaien lehenengo sorta enkantera ateratzeaz batera ekin dio herrikideen prezioak berotzeari. Eta, bai. Berehala iritsi dira bizilagunen arteko zirtoak eta jolasak. Atoan hasi dira bizilagunak elkar zirikatzen, elikagairik onena zeinek eskuratuko. Halantxik, herritar batek 40 euroan eskuratu ditu ardi-esne botila, arrautza dozena eta txorizo sorta ederra. Beste batek, zirikaz zirika, 60 euroan etxeratu ditu poltsa bete baba gorri eta urdai zati sendoa. Eta egon da Garaiko kiwiekin osaturiko otzara eta sagardo botila 40 euroan eskuratu duenik ere.
Prezioak garesti ala merke diren, horrek ez du inporta. Herritarrek urteroko hitzorduari eutsi diote, eta giro sanoa sortu dute jolasa, usadioa, barre-algarak eta helburu solidarioak batuta. Izan ere, gaur baturiko diruaren erdia parrokiarako baliatuko dute. Beste erdia, Caritasi emango diote dohaintzan.