Desfibriladorea ipini dute Garaiko udaletxeko atartean

Anboto 2025ko urt. 13a, 12:29

2024ko amaieran, Garaiko Udalak desfibriladorea ipini zuen udaletxearen azpiko atartean; orain, ikastaro bat antolatu dute gailua era egokian erabiltzen ikasteko. Prestakuntza-saioa urtarrilaren 20an egingo dute, Kultura Etxean, 17:00etatik 19:00etara.

Jardunaldian parte hartu gura duenak izena eman beharko du udaletxera deituta. Garaiko udal iturriek zehaztu dutenez, udal langileek, ostalaritza establezimenduetako langileek eta herriko elkarteetako kideek ikastaroan parte hartzeko lehentasuna izango dute. Urtarrilaren 20ko ikastaroaz gainera, etorkizunean antzera bateko ikastaro gehiago antolatuko dutela aurreratu dute, herritarrek makinaren erabilerari buruzko gutxieneko ezagutza izan dezaten.

Udalak gogoratu duenez, bihotz-geldialdiaren edo bihotz-biriketako geldialdiaren osteko denbora erabakigarria izan daiteke, beste osasun zerbitzu batzuk etorri bitartean, ondorioak arinagoak izaten laguntzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!