Garaiko Udalak prest du datorren urterako bide orria. Udalbatza osatzen duten alderdi politiko biek, EAJk eta Herriko Taldeak, 2025eko aurrekontuak onartu dituzte, aho batez: 679.660 euro izango dituzte datorren urtea kudeatzeko.
Batetik, herri bideetan areka berriak eraikitzea eta asfaltatze lanak egitea aurreikusi dute; ur-hornidurari dagokionez, kontrol tresnak ipiniko dituzte haren kalitatea bermatzeko. Bestetik, azken urteotako joerari eutsita, udalak baso-lurrak erosten jarraituko du. Gaur egun esku pribatuetan dauden 50.000 metro karratu lursail publiko bihurtzeko pausoak ematea aurreikusi du. "Sasoi bateko basoak birsortzeko lanak indartzea" eta "espezieak dibertsifikatzea" gura dute, eta "etorkizunean, Garaiko Udalak baso ustiapenetik sarrera berriak izatea" ahalbidetu.
Kirol ekipamendu berriari buruzko lanak ere iragarri dituzte. Azpiegitura eraikitze fasean dago une honetan, eta udaberri partean zabalduko ditu ateak, "maiatzean edo ekainean". Hori dela eta, udalak kiroldegirako materiala erosiko du. Aurreikusitako beste jarduketa batzuk honako hauek dira: Taxi Auzunea urte osoan martxan ipintzea, herriko elkarteentzako laguntzak indartzea, San Migelen komun publiko bat instalatzeko aukera aztertzea, eta Plan Orokorreko faseak garatzen jarraitzea.
Aldaketak ordenantzetan
Aipaturikoez gainera, Garaiko Udalak ordenantza batzuk moldatzea ere aurreikusi du. Baserrietan etxebizitzen kopurua gehitzeko bete beharreko baldintzei buruzko ordenantza eguneratuko dute, eta etxaldeotako leihoei eta bestelako osagaiei buruzkoa berritu. Azkenik, kirol ekimapenduaren erabilera arautzeko ordenantza sortuko dute.