Garaiko kirolgunea eraikitzeko lanak, martxan

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 4a, 16:00

Atzera kontaketa hasi da. Garaik kirol azpiegitura berri bat izango du, laster, herrigunean. Instalazio berria frontoiaren eta bolatokiaren artean eraikiko dute, azken honi zatitxo bat kenduta. 2025eko maiatzean egongo da erabilgarri. 

Instalazioa 80 metro karratu zabal izango da, eta frontoiko aldagelekin lotuko dute, kirol azpiegitura bien erabilera optimizatze aldera. Horrez gainera, biltegi txiki bat ipiniko dute, kirolarien eta herriko dantzarien materiala gordetzeko helburuz.  Udalaren berbetan, kirol-ekipamendu berria "aurrerapauso handia" izango da herritarrentzat, besteak beste, "kultura-etxeko espazioa txiki geratu delako zahartze aktiboaren inguruko ikastaroak" egiteko. Azpiegitura berriari eskerrak, herritarrek, nagusiek eta gazteek bereziki, "kirola Garain bertan egin ahal izateko beste aukera bat" izango dute, udalak nabarmendu duenez.

Erakundeen lankidetza

Ekipamendu berria eraikitzeko, Garaiko Udalak hainbat erakunderen laguntza jaso du. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirol eta Kultura Sailetik 133.153,86 euroko laguntza jasoko du. Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak 7.500 biztanlez azpiko udaletako azpiegiturak-eta hobetzen laguntzeko egin ohi duen deialdiaren bidez, behin-behinean, beste 54.200 euroko zenbatekoaz zuzkitu du proiektua. Azkenik, irailean jakinarazi denez, Eusko Jaurlaritzak 200.572,66 euroko laguntza emango du proiektua aurreratzeko, EREIN deialdiaren bitartez.

Hala, dirulaguntza guztiak aintzat hartuta, Garaiko Udalak 387.926,52 euroko zenbatekoa jasoko du, eta diru-kopuru horrek ahalbidetuko du egitasmoa oso-osorik gauzatzea. Udalak erakundeen arteko lankidetza azpimarratu eta eskertu du, "elkarlan horri esker, Garaiko herritarren ongizatea indartzen duen proiektu honek aurrera egingo baitu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!