Garain aurrera doa kirol azpiegitura berria eraikitzeko prozesua. Udalak, lehiaketa publikoa egin eta gero, eraikin berria egiteko ardura esleitu dio enpresa bati. Udazkenean hasiko dituzte lanak, eta, aurreikusitako egutegian gorabeherarik ez badago, kirol eremu berria 2025eko udaberrian egongo da zabalik. Ekipamendu berria frontoiaren eta bolatokiaren arteko eremuan ipiniko dute, azken honi zatitxo bat kenduta. Instalazioak biltegi txiki bat ere izango du, kirol materiala gordetzeko eta herriko dantzarien materiala gordetzeko balioko duena. Horrez gainera, kirol ekipamendua frontoiko aldagelekin lotuko dute, azpiegitura bien erabilera optimizatze aldera. Azpiegitura berriak 80 metro karratuko azalera izango du guztira.
Erramun Osa alkateak eguazteneko osoko bilkuran zehaztu zuenez, azpiegitura berria eraikitzeko aurrekontua 314.500 eurokoa izango da: "Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduko dio proiektuari. Kirol Sailak 133.153 euroko laguntza esleitu dio egitasmoari. Bestalde, Aldundiko Azpiegitura Sailak 54.200 euroko ekarpena egingo du". Aipaturiko diru laguntza biez gainera, Osak hirugarren bat lortzen ahaleginduko direla ere iragarri zuen. Eusko Jaurlaritzak landa eremuetako herriak sustatzeko darabilen diru laguntza litzateke hirugarren hori, Erein programaren barrukoa. "Kirol ekipamendu berria aurrerapausoa izango da herritarrentzat; besteak beste, Kultur Etxeko espazioa txiki geratu delako, gimnasia-eta egin ahal izateko, hainbat ikastarotan jendea kanpoan laga behar izan delako eta kirola egin ahal izateko beste aukera bat zabaltzen zaielako herritar guztiei, batez ere nagusiei eta gazteei", adierazi du alkateak.