Garaiko Trumoitte Elkarteak Uda Giro programaren edizio berri bat antolatu du uztailerako. Publiko zabalari begirako ekitaldi bi antolatu dituzte uztaileko egun bitarako. Uztailaren 6an umeei zuzenduriko zirku tailerra egingo dute frontoian, 18:00etan. Umeek zirkuko diziplina bitan trebatzeko aukera izango dute: orekan eta malabareetan. Bestalde, uztailaren 19rako adin tarte guztiei zuzenduriko bakarrizketa antolatu dute. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek Ztandap bakarrizketa saioa egingo dute Elizaberrin. Ekitaldi hau 19:00etan egingo dute.
Martiarenak eta Torregaraik orgasmo arrakalaz, maitasun erromantikoaz, elkarbizitzaz eta "señora izateaz" berba egingo dute, besteak beste, bakarrizketan. Obra iazko azaroan estreinatu zuten, eta ordutik hona umoregile biak Euskal Herri osotik zehar dabiltza biran, ikusleak barre-algaraka ipintzen.