Garaiko herritarrek zerbitzu berri bat izango dute erabilgarri hemendik aurrera: Taxi-Auzunea. Udalak akordioa egin du Iurretako taxi gidari batekin, eta horri eskerrak, garaitarrek udalerriko edozein biztanlegunetatik joan ahal izango dute taxian, Traña-Matienara, Berrizera, Durangora edo Iurretara (eta alderantziz). Zerbitzua astelehenetik barikura egongo da erabilgarri, 07:30etatik 20:00etara, eta, zapatuetan, 09:00etatik 13:30etara. Domeketan, jaiegunetan eta abuztuan, berriz, ez da zerbitzurik eskainiko.
Zerbitzua zelan erabili
Taxi-Auzunea erabili gura duenak bidaia erreserbatu beharko du aldez aurretik, taxi gidariarekin hartu emanetan ipinita (626.225.726 telefonoa). Herritarrek zerbitzua erabili aurreko eguneko 19:00ak baino lehen eskatu beharko dute joan-etorria. Horrez gainera, aldez aurretiko zerbitzuak ere erreserbatu ahalko dira, baina, kasu horietan, taxi gidaria libre egon beharko da eta zerbitzua emateko moduan.
Leku berera joateko helburuz zerbitzua erabiltzaile batek baino gehiagok eskatuko balu, orduan, zerbitzua partekatuko da. Erabilera partekatu horren muga ibilgailuak baimenduta duen gehieneko plazen kopurua izango da.
Udalaren diru laguntzak
Garaiko Udalak diruz lagunduko ditu herritarren joan-etorriak. Taxi gidariak eta udalak 15 euroan finkatu dute joan-etorri bakoitzaren prezioa, eta udalak 12 euroko dirulaguntza eskainiko die erabiltzaileei, joan-etorri bakoitzeko. Horretarako, erabiltzaileek eskariak aurkeztu eta beharrezkoak diren inprimakiak bete beharko dituzte udaletxean bertan edo Garaiko Udalaren web atarian.
Zerbitzuari buruzko informazio gehiago Garaiko udaletxean eskatu daiteke.