Akordioa lortuta, Garaiko Udalak beste 30 urtean erabili ahalko ditu San Migel elizaren inguruko lurrak

Anboto 2024ko mai. 23a, 10:03

Erramun Osa Garaiko alkatea eta Alejandro Alonso Bilboko elizbarrutiko ordezkaria.

Lagapenari eskerrak, udalak eremu horretako 5.809 metro karratu erabili ahal izango ditu era publikoan, orain arteko lur eremuaren bikoitza. Trukean, inguruak egoera onean mantetzeko betebeharra izango du. 

Garaiko Udalak herriko parrokiagaz zeukan akordioa berritu du beste hiru hamarkadatarako. Horri eskerrak, udalak era publikoan erabili ahal izango ditu San Migel elizaren inguruko berdeguneak beste 30 urtez. Trukean, eremua egoera onean mantentzeko ardura hartuko du udalak.

Kontua 1986ko otsailaren 10etik dator. Alde biek egun hartan sinatu zuten San Migel elizako lurren lagapena. Ituna 30 urtean egon zen indarrean, harik eta bere iraupena 2016an agortu zen arte. Handik gutxira, 2019an, gobernu talde eratu berriak hartu emanak hasi zituen Bilboko gotzaindegiarekin, eta alde biek oraintsu sinatu dute beste 30 urterako lagapena. Erramun Osa alkatea Bilboko elizbarrutiko Alejandro Alonso ordezkariagaz batu da asteon. 

Lur gehiago

Lagapen berriak jasotzen duenez, Garaiko Udalak 5.809 metro karratu erabili ahal izango ditu, duela hiru hamarkada sinatutako akordioan jasotako lur arloaren bikoitza. Era berean, akordio berriak lursailetan landatutako arbolen jabetza aitortzen dio Garaiko Udalari. Izan ere, herritarrek landatu izan dituzten arbolak udalak zaintzen ditu.

"Hasieratik, udalaren asmoa izan da espazio hori zaintzea eta eremu berezi hori belaunaldi berriei transmititu ahal izatea; bidenabar, haren erabilera publikoa indartu nahi du. Udalak on iritzi dio eginiko akordioari, bai eta parrokiarekin erdietsi duen lankidetzari ere. Udalak akordioaren inguruabarrak jasoko ditu lantzen diharduen Hirigintza Plan Berrian", adierazi dute udaletik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!