2013an eginiko senidetzeari eutsita, Garaiko eta Lantziegoko herritarrek euren arteko hartu-emana berretsiko dute zapatu honetan. Iaz garaitarrak joan ziren Arabako Errioxako udalerrira, eta, beraz, aurten lantziegarrak etorriko dira Garaira bisitan. Udal agintariek eta herritarrek Momoitioko San Juan ermitan egingo diete harrera lantziegarrei, hamaiketakoa eskainita. Gero, ermitaren eremua eta bertako nekropoliari buruzko azalpenak emango dizkiete, eta bisita gidatu bat ere izango dute herriko leku esanguratsuez gozatzeko. 14:45ean herri bazkaria egingo dute plazan. Eguraldiak laguntzen ez badu, frontoian egingo dute. Giroa alaitzeko, trikitilariak ere izango dira. Antolatu dituzten ekitaldiekin jarraituta, San Migel elizaren ondoan dauden mugarria, artea eta mahastia bisitatuko dituzte. Udalerri bien arteko senidetzea irudikatzen duten elementuak dira guztiak. Azkenik, talde argazkia aterako dute. Garaiko Udalak senidetze ekitaldian parte hartzera deitu ditu herritarrak.