Garaiko Udalak saio parte hartzaileak hasiko ditu udalerriaren bihar-etziko garapena planifikatze eta diseinatze aldera. Jardunaldi sorta horien lehen harria eguaztenean, apirilaren 24an, ezarriko dute. Iluntzeko 19:00etatik aurrera, saioak gidatzeaz arduratuko den lantaldeak eta udal agintariek, prozesuaren nondik norako guztiak azalduko dituzte udaletxean.
Garain indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) 1991koa da, eta udalak beharrezkotzat jo du "eraberritze sakon bati ekitea". Prozesu parte hartzailean "gaur egungo zein bihar-etziko beharrizanak identifikatu" gura dituzte, etorkizunean horiek "bideratzen laguntzeko". Alde horretatik, udalak herritarrak deitu ditu prozesuan parte hartzera: "Biziki garrantzitsua da ahalik eta parte hartzerik zabalena izan dadin prozedura horretan, Garaiko udalerriaren bihar-etziko garpena denon artean taxutzeko eta diseinu horretara iristeko ezinbesteko lanabesa den HAPO ahalik eta adostasunik handienarekin onesteko", adierazi dute udaletik.
Prozedura honen lehenengo pausoak orain emango dituzten arren, lauzpabost bat urte igaroko dira dena gauzatzen den arte. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, HAPO berria 2027-2028 inguruan sartuko da indarrean. EAJren gobernu taldeak bere agintaldiko helburuen artean dauka, hain zuzen ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratu eta berritzea.