Garaik Landare eta Lorezaintza Azokaren X. edizioa hartuko du apirilaren 21ean

Anboto 2024ko api. 9a, 09:17

Euskal Herri osotik ailegaturiko hamazortzi landare edo lorezaintza ekoizle herriko plazan batuko dira 10:00etatik aurrera. Bestalde, eskualdeko lau baserritarren produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da.

Garain urteroko hitzordua den Landare eta Lorezaintza Azokak urtemuga borobila beteko du aurten. Udalak eta Urkiola Landa Garapenak azokaren hamargarren edizioa antolatu dute apirilaren 21ari begira. Guztira, hamazortzi ekoizlek, artisauk, landare edo lorezaintza enpresek parte hartuko dute azokan. Besteak beste, lore apaingarriak, lorategiak, fruta-landareak, baserriko makinak eta ortuko landareak ikusi eta eskuratu ahalko dira bertan. Horrez gainera, Durangaldeko lau baserritar ekoizleren produktu batzuk ere eskuratu ahalko dira. Hala nola, taloak, gazta, garagardoa, kontserbak, ogia, gozoak, txakolina eta sagardoa.

Aurreko urteetan legez, aurtengo edizioak ere erosketetarako zaindegi edo kontsigna zerbitzua izango du. Era horretan, azokara bertaratzen direnek gordailu batean utzi ahalko dituzte erositakoak, azokaz modu erosoan gozatzen jarraitu eta etxera bueltatzeko ordua iritsitakoan, produktuak ostera ere hartzeko. Zerbitzu hau erabiltzen duten guztien artean Durangaldeko ekoizleen produktuekin osatutako otzara bat zozkatuko dute. Irabazleak Durangoko merkatu plazako Etartie dendan jasoko du otzara.

Landare eta Lorezaintza Azoka 10:00etatik 15:00etara egongo da martxan. Eguraldiak laguntzen ez badu, feria frontoian egingo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!