Logotipoa eta kantu liburua sortuta, Garaiko nagusien elkarteak indarberrituta bete du bere 30.urteurrena

Anboto 2024ko mar. 26a, 11:00

Garaiko nagusien elkartea zorioneko dago. 30 urteko ibilbidea bete du. Eta ospakizuna martxoaren 9an egin zuten arren, elkarteko kideek argi dute egun berezi hartan bizitakoaren oihartzunak luze iraungo diela.

Virginia Ormaetxea elkarteko kidearen kasua, behintzat, horixe da. Ospakizuna "sekula ez ahazteko eguna" izan zen berarentzat. Honela deskribatu du egun hartan bizitakoa: "Urteurren ospakizuna elkartea sortu zuten herritarrak omenduta hasi genuen. Eta elkartea sortu zuten zortzi kideetatik hiru bizirik daudenez, opari bana egin genien. Iruri Altzerrekak eginiko bertsoak jasotzen dituen pergamino bana". Ezkerreko irudian ikusi daitezke bertsook, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste  doinuagaz kantatzeko aproposak. "Oso bertso politak dira, eta guretzat balio handikoak direnez, nagusien elkarteko ereserki modura baliatuko ditugu, gure nortasunaren ikur modura", azaldu du Ormaetxeak. Omenduei pergamino bana oparituta, dantzari gazte bik banangoa dantzatu zieten. Garai Kantari kantu-liburua eta aurrerantzean elkarteko ikur izango den logotipoa aurkeztuta egin zuten aurrera egunagaz. Logotipoan, Garaiko banderan ageri diren koloreak eta Etxeitako artea irudikatu dituzte. "Oraingoz, 30 zenbakia mantenduko dugu, baina denbora bat pasatuta zenbakia kendu eta gainerakoari eutsiko diogu", zehaztu du Ormaetxeak.

Kanturako prest
Eta zer litzateke ospakizun bat kanturik barik? Omenaldian bertan Altzerrekaren bertsoak kantatu zituzten. Baina abestearen gozamena hain ederra denez, Garaiko nagusiek urrutirago joatea erabaki dute. Udalagaz batera argitaraturiko kantu liburua baliatuta, Kantulagun egitasmoa egingo dute hile bakoitzeko lehenengo barikuan. "Oraingoz hiru abesti ditugu prest, Kantariekin batera trikitilari bi egoten gara. Elkartearen bertsoak, Aita-semeak eta Aitorren hizkuntza zaharra prestatu ditugu. Baina gehiago lantzen gabiltza," jakinarazi du Ormaetxeak. Kantak prestatze aldera, eguazten arratsaldeetan elkartu eta arratsalde-pasa egiten dute Otea-Loran elkartean. Hori bai, izan jubilatu zein ez, herritar guztiak gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera. Apirilaren 5ean egingo dute lehenengo Kantulagun, Garaiko nagusiek ohikoa duten eran, egitasmo bakoitzagaz gozatzen eta gozarazten. Eta, zelan ez, beste 30 urterako umore ona zabaltzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!