Ondorioz, heren bat haziko da. Udal arduradunek esan dute erabilera anitzeko espazioa eraikitzeko egitasmoak ekarri duela aurrekontua haztea. Kirola egiteko gunea ere izango da eta San Migel auzoan egingo dute, bolatokiaren eta frontoiaren artean. "Ekipamendu txiki horren bitartez, udalak, nagusien artean zahartze aktiboa sustatu ez ezik, herritarrei kirola egin ahal izateko erraztasunak ere eman gura dizkie Garain bertan. Egitasmo horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren sostengua jaso du; guztira, 133.000 euroko diru laguntza".
Era berean, Garaiko Udalak, herritarrek mugikortasun arloan dituzten zailtasunei aurre egin ahal izateko, Garaiko Taxi Auzunea martxan ipintzea erabaki du. Zerbitzu hori bestelakoa izango da eskualdean martxan daudenekin alderatuta. Izan ere, zerbitzuaren bitartez, Garaiko herritarrek Berrizera, Abadiñora, Iurretara eta Durangora joateko modua ere izango dute. Inoren premiarik izan barik, udalak osasun zerbitzuetara, beste garraio zerbitzuetara, hainbat gestio egitera eta institutura joateko aukera eskaini gura die herritarrei.
Aurrekontuekin segituz, gaur egun esku pribatuetan dagoen 100.000 metro koadroko azalera herri baso bihurtzea aurreikusita dago 2024an. Horiek horrela, aurreko agintaldian hasitako bidean "sakondu" gura du udalak.