[ARGAZKI GALERIA]: Zubiaurre familiako kide guztiak batera daude gaurdanik, sorterriko goxotasunean

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 22a, 22:08

Ricardo Gutierrez Abascal arte kritikari eta kultur bultzatzaile bilbotarra Garaiko Zubiaurre familiako kide izan zen. Pilar Zubiaurreren ezkontide izan zen, eta erbestean hil zen, Mexikon, gaur duela 60 urte. Haren gorpuzkiak Zubiaurre familiak Garaiko hilerrian daukan panteoian daude jada, gainerako kideekin batera.

Zirkulua zarratu dute. Familia intelektual, emankor eta kulturgile oso baten urte luzeko sakabanaketa iluntze honetan eman dute bukatutzat, Garaiko udaletxean egindako oroimen ekitaldian. Hamarkada askoren ostean, Zubiaurre familia esanguratsuko kide guztien gorpuzkiak sorterrian daude, behinolako eta egungo herrikideen babesean. Hori dela eta, Garaiko Udalak eta Gerediaga elkarteak ekitaldia egin dute Zubiaurretarren ondorengoak, Durangoko Arte eta Historia Museoko kideak eta Bilboko Arte Ederren Museoko ordezkariak lagun. 

Valentin Zubiaurre musikariaren (aita), Mari Paz Agirrezabalen (ama) Valentin Zubiaurre margolariaren (semea), Ramon Zubiaurre margolariaren (semea) eta Pilar Zubiaurre idazle eta arte sustatzailearen gorpuzkiak (alaba) familiako panteoian zeuden lehendik ere. Baita Pilarren seme Leopoldo Gutierrezen gorpuzkiak ere. Baina familiako kide bat sorterriratzea falta izan da orain arte: Pilarren ezkontide Ricardo Gutierrez Mexikotik Euskal Herrira ekartzea. Hain zuzen ere, gaur egikaritu dute sorterriratze hori, arte kritikaria hil zenetik 60 urte igaro diren egunean bertan. Iluntze honetako omenaldi ekitaldian Maria Pilar Gutierrez Zubiaurrek hartu du berba, Zubiaurretar margolarien eta kultur sustatzaileen bilobak. "Oso pozik" eta ageriko hunkiduragaz egin du berba oroimen ekitaldia bukatuta. "Zirkulua zarratu" dela dio, eta pozik dago familiako kide guztiak sorterriko hilerrian daudelako.

Ricardo Gutierrezen ibilbide oparoa

Oroimen ekitaldian Mirian Alzurik ere parte hartu du, Bilboko Arte Ederren Museoko kide eta Ricardo Gutierrezen biografoak. Alzurik gogoraipatu egin du Gutierrezek arte kritikari lez eta kultur sustatzaile lez egindako lana. Besteak beste inpresionismoari buruzko lehen zertzeladak aletu zituen korronte hori oraindik zabaldu bakoa zen Espainian, eta euskal inpreseionismoari ere begiratu zion La trama del arte vasco saiakeran. Nazioarteko eskultoreen eta margolarien erakusketa antolatu zuen Bilbon 1919an, eta artista euskaldunen lanak txertatu zituen Madrilgo Arte Modernoko Museo Nazionalean (Reina Sofiaren aurretiko museoa). Espainiako altxamendu frankistagaz batera, Mexikon erbesteratu zen. Arteari loturiko gaiak argitaratzen jarraitu zuen han, harik eta 1963an hil zen arte.

Familiako kide guztiak sorterriratzeko asmoak 2000. urtekoak dira. Urte hartan, Durangaldeko Ezpatadandatzari Eguna ospatu zen Garain. Zubiaurretarrak omendu zituzten, haien ondorengo Leopoldo Gutierrez ekitaldian zela. Honek gurari bat egin zuen: familiako kide guztien gorpuzkiak hilerriko panteoian egotea. Esan eta egin. Hamarkada biren ostean, batera eta sorterriko goxotasunean daude Zubiaurretar guztiak.

ESANAK:
  • Jon Irazabal (Historian aditua): "Hau guztia Gerediagak antolaturiko Ezpatadantzari egun batean sortu zen. Eskerrik asko Leopoldo Gutierrezen nahia egi bihurtzen lagundu duzuen guztioi. Zirkulua itxi da. Itzulera eguna da".
  • Erramun Osa (Garaiko alkatea): "Ricardo Gutierrezek eta haren familiak lotura estua zuten Garaiko herriarekin. Jazarpen frankistaren gainetik, gizarteak aurrera egiteko egin zuten lan. Ongi etorri Ricardo eta eskerrik asko familiako kide guztiei, sorterrira itzuli eta bidaia osatzearren". 
  • Maria Pilar Gutierrez Zubiaurre (Valentin, Ramon eta Pilarren artisten biloba): "Mexikon, Euskal Herrian,... gure familia sakabanatuta egon da. Aurrerantzean, Zubiaurretarrak beti egongo gara Garain. Eta gure ondorengoek non gauden jakingo dute. Pozarren nago". 
  • Nerea Mujika (Gerediaga elkartea): "Musikari, argazkilari, margolari, idazle, pentsalari... letra larriz nabarmendutako familia da Zubiaurretarrena, baina beti egon dira herritarrengandik gertu-gertu. Gaur, 2000. urtean hartutako konpromisoa borobildu dugu". 
  • Garazi Arrizabalaga (Durangoko Arte eta Historia Museoa): "Durangaldean arteari eta kulturari loturiko izen nabarmenik badago, hori Zubiaurretarrena da. Asko eman diote Durangaldeari. Izan partiturak, margolanak, erakusketak... museoan beti dago oinordekotza horrentzako lekua".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!