Ricardo Gutierrez Abascalen gorpuzkiak Garaiko familiaren panteoira ekarri dituzte

Jone Guenetxea 2023ko aza. 20a, 12:10

Juan de la Encina ezizenez ezaguna zen kulturgilea omenduko dute eguaztenean Garain. 

Kultur arloan, Juan de la Encina ezizenez ezaguna zen Ricardo Gutierrez Abascal, Pilar Zubiaurre idazle eta kultur ekintzailearen senarra. Bilbon jaio zen, eta 1931tik 1936ra Arte Modernoko Museo Nazionalaren (egungo Reina Sofia Museoaren aurrekoa) zuzendaria izan zen. Gerra zibila hasi zenean, Errepublikaren alde agertzeagaitik Mexikon erbesteratu, eta han egonkortu zen. Irakaskuntzari loturiko ibilbide garrantzitsua egin zuen Mexikon.

Omenaldia Garain
Gutierrez-Zubiaurre familiak, Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak Ricardo Gutierrez Abascalen oroimen ekitaldia antolatu dute datorren asteko eguaztenean. 19:00etan izango da, Garaiko udaletxean. Izan ere, orain dela gutxi Gutierrez Abascalen gorpuzkiak Garaiko familiaren panteoira ekarri zituzten. Gainera, haren heriotzaren 60. urteurrena betetzen da aurten. 2000. urtean Garain eginiko Ezpatadantzari Egunean Zubiaurre neba-arrebei omenaldia egin zietenean, Leopoldo Gutierrezek (Ricardoren semea) bere gurari bat plazaratu zion Gerediagari: bere familiako kide guztien gorpuzkiak Garaiko kanposantuan dagoen familiaren panteoira ekartzea. Ordurako, Pilar Zubiaurre amaren gorpuzkiak bertan zeuden, baina gainerako senitartekoenak Madrilen eta Mexikon zeuden. "Orain, Gurierrez-Abascalen gorpuzkiak Garaira ekarrita, esan dezakegu Leopoldo Gutierrezen nahia bete dela", azaldu du Gerediagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!