Uztailaren 22an Asto Trail mendi lasterketa egingo dute Garain

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 7a, 11:00
2018an jokaturiko Asto Trail lasterketa.

Lasterketak honako ezaugarri tekniko hauek izango ditu: 27 kilometro eta 1.400 metroko desnibela. Proban izena emateko epea zabalik dago. Horrez gainera, mendi martxa bat egingo dute, lehiaketatik kanpo.

Garaiko Triatloi Taldeak kirol ekitaldi bi antolatu ditu uztailaren 22rako. Asto Trail mendi lasterketa batetik, eta mendi martxa bestetik. Lehenengoan, sariak egongo dira jokoan, emakumezkoen zein gizonezkoen mailetan. Honako hauek izango dira. 200 euro, txapela, lore-sorta eta garaikurra lehenengoarentzat; 150 euro eta garaikurra bigarrenarentzat; 100 euro eta garaikurra hirugarrenarentzat; 50 euro laugarrenarentzat eta 30 euro bosgarrenarentzat. Aurtengoa Asto Trail lasterketa antolatzen duten hirugarren aldia izango da. 2016an eta 2018an jokatu ziren aurreko edizioak. Antolatzaileek jakinarazi dute lasterketa urtero-urtero antolatu gura dutela aurrerantzean.

Bestalde, lasterketaz gainera, mendi martxa antolatu dute. 16 kilometroko ibilbidea izango da, 700 metroko desnibel positiboa izango duena. Mendi martxan parte hartzeko 8 euro ordaindu beharko dira. Garaiko herritarrek 5 euroko deskontua izango dute. 

Izen emateak

Kirol ekitaldi bietan izena eman gura dutenek zabalik daukate horretarako aukera. Inskripzioak rockthesport.com atarian egin daitezke. Informazio gehiagorako, garaitt.com web orria, edo Garaiko Triatloi Taldearen Instagram kontuan (@garaikotriatloitaldea) kontsultatu daitezke. Kirol ekitaldi hauek Garaiko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eroskiren eta Smurfiten laguntza dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!