Garaitarrek beste mugarritxo bat ezarriko dute aurten, Lantziegoko herritarrekin (Arabako Errioxa) daukaten senidetzean sakonduta. Zapatu honetan bertara joango dira txangoan. Hamaiketakoa egingo dute lehenengo. Bilar herrian kokaturiko Sorginaren txabola trikuharria bisitatuko dute gero, eta herri bazkaria egingo dute azkenik, Lantziegoko frontoian.
Garaiko eta Lantziegoko udalek 2013an sinatu zuten udalerri biak senidetzeko akordioa. Urte batean, Garaiko herritarrak Lantziegora eta, hurrengoan, Lantziegokoak Garaira hurreratzen dira anaiartekotasunezko akordio hori urtero-urtero berrituta. Bi herrien arteko senidetzearen ikur dira Garaiko San Migel elizaren ondoan landatutako artea eta mugarria.