Euskal Herri osoko 18 landare hazle eta lorezaintza enpresa batuko dira Garain, apirilaren 2an

Anboto 2023ko mar. 20a, 16:03

Udalak eta Urkiola Landa Garapenak Landare eta Lorezaintza Azokaren IX. edizioa antolatu dute. Ferian, eskualdeko 4 ekoizleren baserriko produktuak ere egongo dira dastagai.

Datorren apirilaren 2an, Euskal Herri osoko landare hazleak eta lorezaintza enpresak batuko dira Garain. Udalak eta Urkiola Landa Garapenak Landare eta Lorezaintza azokaren bederatzigarren edizioa antolatu dute. Besteak beste, landare apaingarriak, zuhaixkak, orturako haziak, landare ekologikoak, landare txikiak, lorezaintzareko tresneria, egurra eta artisautza lanak eskuratu ahalko dira. Guztira 18 dira Garaira gerturatuko diren ekoizle, artisau, landare hazle eta lorezaintza enpresak. Horrez gainera, eskualdeko 4 ekoizlek baserriko produktuak ipiniko dituzte salgai. Behi-gazta, baserriko ogia, euskal pastela, taloa, sagardoa, txakolina, garagardoa eta kontserbak egongo dira erosleen zerbitzura. Azoka 10:00etatik 15:00etara egongo da salgai.

Udalak jakinarazi duenez, aurten ere kontsigna zerbitzua egingo da. Erosketak zaintzapean gordeta utzi ahal izateko zerbitzua. Azokara doazenek gune horretan utzi ahalko dituzte erosketak, egonaldia lasai luzatu eta etxerako ordua iritsitakoan erosketak lasai jasotzeko. Kontsigna zerbitzu hori erabiltzen duten erosle guztien artean Etartie proiektuko produktuekin osaturiko otzara egingo dute zotz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!