Atzerritik jaiotetxeko goxotasunera bueltatzen den bidaiariaren antzera, Elizabarriko hormak Valentin Zubiaurre artista garaitarraren doinuekin beteko dira apirilaren 1ean. Musika emanaldi berezia izango da, balio sinboliko handikoa, Elizabarritik metro gutxira baitago Ramon, Valentin eta Pilar Zubiaurre artisten etxea.
Bilboko Koral Elkarteak Valentin Zubiaurreren konposizio bat berreskuratu du oraintsu. Artistak duela 150 urte Erroman idatziriko 'Pasioa'. Koralak partitura berreskuratu, manuskritoa argitaratu eta musika interpretazioa grabatu du. Eta lana jendaurrean aurkezteko kontzertu-bira hasi du duela gutxi. Martxoaren 10etik 12ra bitartean Erroman eskaini zuten 'Pasioa'. Hilaren 25ean Madrilgo Errege Kaperan eskainiko dute, eta Bilboko Gizakundearen elizan martxoaren 31n egongo da entzungai. Birako azken kontzertua Garain, artistaren jaioterriko epelean eskainiko dute apirilaren 1ean. Bilboko Koralak emanaldi bikoitza egingo du. Lehenengo saioa 18:30etan eskainiko dute, eta 20:30etan bigarrena. Emanaldirako sarrerak 5 euroan eskuratu ahalko dira Garaiko udaletxean, datorren astelehenetik aurrera. 140 bat txartel ipiniko dituzte salgai; 70 emanaldi bakoitzeko.
"Obra erromantikoa"
Bilboko Koral Elkarteko kideek, Garaiko Udaleko agintariek eta Foru Aldundiko ordezkariek kontzertuaren nondik norakoak argitu dituzte goiz honetan. Koraleko kudeatzaile Iñigo Alberdik azaldu duenez, "Valentin Zubiaurrek Erroman idatzi zuen 'Pasioa', une hartan Espainiako Akademiako bekaduna zela. Konposizioa Aste Santuko otoitz lez egina dago, latinez idatzita eta San Mateoren ebanjelioko berbak oinarri hartuta". Koraleko zuzendari artistiko Enrique Azurzak, berriz, obraren ezaugarri teknikoak azpimarratu ditu: "Pieza bakarreko obra da. Oso obra erromantikoa, opera baten antzera idatzirikoa. Momentu dramatikoak ditu. Lau abeslari solistak tesitura zorrotzeko pasarteak dituzte. Hiru eta lau ahotsetara abestu beharreko zatiak daude,... ez da obra erraza", azaldu du. Konposizioa Elizabarriko dimentsioetara egokituko du Koralak. 20 abeslarik osaturiko taldeak eskainiko du kontzertua.
ESANAK:
- Erramun Osa (Garaiko alkatea): "Ekitaldi hau hemen antolatzea, kontzertu-bira hemen antolatzea zerbait oso berezia da. Honako hau auzolanaren emaitza da. Herrikide baten obra gabiltza balioan ipintzen".
- Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria): "Bilboko Koralarekin dugun lankidetza aspaldikoa da. Koralaren lan-ildoetako bat euskal musika berreskuratzea denez, pozgarria, garrantzitsua da ondare hau bultzatzea".
- Iñigo Alberdi (Bilboko Koral Elkarteko kudeatzailea): "Emanaldi hau Garain egiteak garrantzia sinboliko handia dauka. Oso hunkigarria da. Bestalde, agerian geratzen da [Valentinek] Durangaldeari zion maitasuna. Oizeko oihartzunak izeneko obra bat ere badu".
- Enrique Azurza (Bilboko Koral Elkarteko zuzendari artistikoa): "Oso hunkituta gaude. Obra solistekin, pianoagaz, organoagaz eta kamarako abesbatzagaz grabatu dugu. Laster egongo da Spotify plataforman entzungai".
- Miren Pilar Gutiérrez de Zubiaurre (Garaiko bizilaguna. Valentin Zubiaurre bere osaba zaharra izan zen): "Ikusmin handia daukat. Erromako kontzertua hunkigarria izan zen, eta familiako kide garenontzat oso une inportantea da honako hau. Ondarea mantentzeko aukera paregabea da".
- Lazaro Milikua (Elizabarriko arduraduna): "Domeka hau erramu-domeka izango da. Ikusirik 'Pasioa' Aste Santuan girotutako obra dela, Aste Santua hasteko aproposa dela kontzertu hau".