Martxoak 8

“Askotan berba egiten da gazteoi buruz, baina gero ez ditugu espazioak izaten geure iritzia plazaratzeko”

Anboto 2023ko mar. 3a, 11:00

Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, Geruzak-ek kultura, feminismoa, soziolinguistika eta pentsamendua lantzen ditu, euskaraz. Sortu berri den ikus-entzunezko proiektu honetan eskualdeko hainbat gaztek parte hartu dute. Esaterako, atzo, Gasteizen, ikus-entzunezkoaren hirugarren atala aurkeztu zuten eta bertan Iruri Altzerreka garaitarrak parte hartu zuen.  

Geruzak egitasmoan parte hartu duzu. Zer izan da zuretzat bertan parte hartzea?
Plaza bat suposatu du, bertan nire iritzia plazaratzeko aukera izan dudan plaza bat. Zortea ere suposatu du. Azken batean, gutxi batzuk aukeratu gaituzte egitasmo honetan parte hartzeko, gutxi batzuek izan dugu bozgorailu hau geure iritzia emateko. Bestalde, ardura bat ere izan da. Izan ere, bozgorailua ematen dizutenean horrekiko izaten den ardura esaten duzu. 

Zelako esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita eta aberasgarria. Gure kasuan, bost gaztek grabatu genituen atal hauek, aurretik elkar ezagutzen ez genuen bost gaztek. Bakoitza Euskal Herriko punta batekoa izan da; errealitate desberdinetako jendea batu ginen. Beraz, alde horretatik oso esperientzia aberasgarria izan da. 

Niri pertsonalki proiektu honek beste gazteen errealitateak ezagutzeko balio izan dit, eta elkarri entzunda amankomunean zer gauza ditugun jakiteko.

Gai bat emanda, horren inguruan aritu zarete.
Gure aurretik, bost gaztek hiru gai landu zituzten: desira, askatasuna eta ondo bizitzea. Eta euren ostean, guk beste hiru gai landu genituen: boterea, sormena eta taldetasuna. 

Gazteok berbetan ipini zaituztete. Ez da horrelako proiektu asko ikusten. Zuretzat zer suposatu du horrek?
Askotan berba egiten da gazteoi buruz, baina gero ez ditugu espazioak izaten geure iritzia plazaratzeko. Zorionez, azkenaldian horrelako espazio gehiago sortzen dabiltza. Proiektu hau, esaterako, egitasmoak berak ondo dioen moduan, gazteengandik gazteentzat egindako proiektu bat da. Batez ere, batxillergoko eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago. Beraz, geruzak.eus-en sartu eta bertan kuxkuxeatzera animatuko nuke jendea. 

Bideoak gazteei baino ez daude zuzenduta?
Berez, gazteentzat planteatu zuten egitasmoa, eta bideo bakoitzak badu bere materiala klasean-eta lantzeko. Baina, jakina, edozeinek ikusi ditzake bideoak. Nire ustez, bideoak edozeinentzat dira aberasgarriak. Azken batean, bideo hauekin gazteok gai konkretu batzuen inguruan zer pentsatzen dugun jakiteko aukera dago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!