25.000 arbola sartuko dituzte Garain, 250.000 metro karratu baso biziberritzeko

Anboto 2023ko ots. 6a, 13:50

Garaiko Udala baso-lurrak birlandatzeko lanetan dabil. Birlandaketa osoa martxo bukaerarako amaitzea aurreikusi du. Bertoko espezieak sartu eta 100.000 metro koadroko hariztia berreskuratu gura dute besteak beste. 

Haritzak, urkiak, ametzak, arteak zein gorostiak. Garaiko basoetan aspaldiko birlandaketarik handiena egiten dabiltza. Garaiko Udala 25.000 arbola berri sartzeko lanetan dabil, guztira, 25 hektareako baso lurra berreskuratzeko asmoz. Birlandaketagaz, behinola hariztiek, pagadiek eta abarrek izandako espazioa berreskuratuko dute. Arbolarik gehienak Lasiar onura publikoko mendian sartzen dabiltza, baina basoari jarraitutasuna emateko asmoz, beste eremu batzuetan ere egingo dituzte landaketak. Modu horretan, 100.000 metro karratuko hariztia berreskuratuko dute.

Garaiko Udalak jakinarazi duenez, birlandaketaren zati bat Red Eléctrica enpresak iraganean egindako arbola mozketak "arintzeko asmoz" egingo dute. Udalak birlandaketekin laguntzeko eta hondatutako pista bat konpontzeko baldintzak ipini zizkion enpresari. Akordio horri eskerrak, birlandaketetarako 100.000 euro jaso ditu udalak, birlandaketak egiteko. Horrez gainera, beste 33.000 euro, Garaiko Udalak berak inbertitu ditu.

Tokiko arbolak

Garaiko Udalak "basoa anizteko" asmoa agertu du, "sasoi bateko espezie bakarreko jarduna alde batera" utzita. Espezieen dibertsifikazioan egin du azpimarra. Hori dela eta, bertoko zuhaitzak errespetatuta, haritzak, urkiak, arteak, ametzak, gorostiak, gaztainondoak, pagoak, zedroak, itsas pinuak, sekuoiak, japoniar zedroak eta abar sartuko dituzte. Horretarako lurren orografia, orientazioa, argitasuna eta hezetasuna hartu dituzte kontuan. Lanak martxo amaierarako amaituta egotea aurreikusi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!