Energia garraiatzeagaitik Garaiko lurrak erabiltzen dituzten azpiegiturek zerga bat ordaindu beharko dute aurrerantzean

Anboto 2023ko ots. 1a, 13:15

Ura, gasa, elektrizitatea zein hidrokarburoak. Garraiatzen den energia-hornidura edozein dela ere, azpiegitura horien enpresa arduradunek tasa bat ordaindu beharko dute aurrerantzean. Garain behintzat bai, udalak horri begirako ordenantza berri bat ipini du-eta indarrean.

Zerga hori jabetza publikoko lurrak erabiltzen dituzten azpiegiturei aplikatuko diete eta instalazioen zati bakoitza kontuan hartuko dute. Izan metalezko dorre, transformadore, ponpaketa-sistema zein elektrizitate linea. Eta berdin energia garraioa lurpetik, lurrazaletik edo lur gainetik eginda ere. Garaiko alkate Erramun Osaren berbetan, zerga berri honek "kontraprestazio moduko bat" bilatu gura du energia garraiatzeko azpiegiturek sortzen duten "deserosotasuna" arintzeko. "Azpiegitura horiek udalerri txikietako lurretan ipintzen dira, baina gero ez diote ezelako onurarik ekartzen udalerri txiki horri. Beraz, horrek zelanbaiteko kontraprestazio bat ekarri behar duela uste dugu", azaldu du Osak.

Alkateak zehaztu duenez, Garai da Durangaldeko herrien artean honelako zerga bat indarrean ipintzen duen lehenengo udalerria. Zerga indarrean sartzeko, udalak Galiziako Arteixo udalerrian eginiko bidea kontuan hartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!