Auzoetarako bideak eta udaletxeko teilatua konponduko dituzte Garain

Anboto 2022ko abe. 14a, 12:57

Urien auzoko bidearen zati bat, Beratuko bidearen beste zati bat eta udaletxeko teilatua. Datorren urtean hiru elementu horiek konpontzea aurreikusi du Garaiko Udalak.

2023ko inbertsio nagusiak izango dira horiek. EAJk eta Herriko Taldeak aho batez onartu dituzte aurrekontuak. Udalak 621.262 euroko diru poltsa izango du datorren urtea kudeatzeko. Aurten baino %1,31 gehiago. Diru sarreren atalari dagokionez, berrikuntza txiki bat txertatu dute. Udalak tasa berri bat ezarriko die udalerriko lur publikoetatik zehar argindarra, ura zein gasa garraiatzen duten enpresei. Gainerako tasek, herritarrei aplikatzen zaizkien zergek, bere horretan jarraituko dute. Dauden moduan geratuko dira. 

Laguntzak elkarteentzat
Diru laguntzei dagokienez, udalak handitu egingo ditu herriko elkarteei zein Gerediaga elkarteari egindako ekarpenak. Herrian antolatzen diren jaietarako diru kopuruagaz ere beste horrenbeste egitea erabaki dute. Bestalde, 50.000 euro gorde dituzte lurrak erosten jarraitzeko, eta herriko historia jasoko duen egitasmo bat martxan ipintzea ere aurreikusi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!