Ezkontza kopuruen beherakada Garain: urtean 300 izatetik 25 izatera pasatu dira hiru hamarkadatan

Anboto 2022ko aza. 17a, 09:00

Hartu-emanak bizitzeko eta kudeatzeko erak askotarikoak dira eta bikotekideen arteko ezkontza kopuruetan ere islatzen dira gizarte barruko joera aldaketak. Garain, behintzat, bai, igarri dituzte.

Lehen, makina bat ziren herriko inguru ederrak ezkontza leku lez baliatzen zituzten eskualdeko zein eskualdetik kanpoko bikoteak. Gaur egun, baina, ezer ere ez da lehengoa. Lazaro Milikua garaitarrak ondo daki hori. “Udaletxean idazkari egon nintzenean, 1988-1989-1990 buelta horretan, bikote mordoa ezkontzen zen hemen. Gogoan dut urtebetean 300 ezkontza izatera ailegatu ginela, elizakoak zein epaitegikoak batuta. Bariku, zapatu zein domeka, egunean hiruzpalau izatera ailegatzen ginen”, gogoratu du Milikuak. Garai hartako joera hori, baina, goitik behera aldatu da. “Gaur egun askoz ere jende gutxiago ezkontzen da. Beheranzko joera hori urteetakoa da eta pandemiak areagotu egin du beherakada hori. Aurten hiru ezkontza baino ez ditugu izan Garaiko elizan, eta hogeitik behera epaitegian”, zehaztu du Milikuak. “Aretxabaletako bikote bat ezkondu da hemen, irlandar bat ere bai”, gaineratu du. Datorren urteari begira ezkontza bakarra dute aurreikusita. Apirilean bikote bat ezkonduko da udalerrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!