Garaik herri kiroletan dabiltzan emakumeen jardunaldia hartuko du azaroaren 5ean

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 4a, 11:00

Gaittun elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak herri kiroletan dabiltzan emakumeei ikusgaitasuna emateko jardunaldia antolatu dute Garain. Hain zuzen ere, garaitar bat da, Iratxe Martínez Mazaga, ekitaldia antolatzen dabilen kideetariko bat.

"Sei emakumek egingo dute herri kirolen erakustaldia. Euretariko bat gipuzkoarra da, eta gainerako bostak bizkaitarrak. Kirolarien artean, Karmele Gisasola mallabitarra egongo da", azaldu du Martinezek. Ekitaldian zehar, bakoitzak bere modalitateari dagokion erakustaldia egingo du. Txingatan, aizkoran eta harri jasotzen egingo dute, besteak beste. Ekitaldia 11:30ean hasiko da eta ordubete inguru iraungo du. Horrez gainera, herri kiroletan ibiltzen diren emakumeen argazkiak ipiniko dituzte Garaiko frontoian, kirolari bakoitzaren gogoeta txiki batek lagunduta. 

Martinezek azpimarra berezia egin dio emakumeen kirola ikusgai egiteari: "Orain arte, herri kirolak gizonezkoei enfokatuta egon dira. Orain esan liteke emakumeen kirola argi apur bat ikusten hasi dela. Emakume kirolariek asko dute esateko. Horregaitik kontzentratu gura izan ditugu ekitaldi bakar batean, jendeak jakin dezan egundoko kirolariak daudela. Garaira etorriko direnek profil esanguratsuak dituzte. Suhiltzailea da bat, eta Gurutzetako ospitaleko mediku zirujaua beste bat. Kirol hau pasioagaitik egiten dute, ez dute ezer irabazten. Gizonezkoek, ostera, bai. Beraz, inportantea da emakumeek pasioagaitik egiten duten hau ikusaraztea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!