Beharginentzat aldagela bat ipiniko dute batetik, eta beharginek biltegi lez zein lanerako eremu lez erabili ahalko duten gune bat bestetik. Erramun Osa alkatearen berbetan, beharginek ez dute euren lanerako eremu bat izan orain arte eta azpiegitura berriak “duintasunez” lan egiteko modua emango die aurrerantzean. “Orain arte halamoduz ibili dira laneko arropa han-hemenka aldatzen. Laster aldagela bat izango dute. Horrez gainera, eguraldiak laguntzen ez duenerako lan eremu bat izango dute; mantentze-lanak prestatzeko, adibidez”,dio Osak. Garaiko udal brigadan behargin bi daude era finkoan, baina tarteka langile gehiago batzen da taldera, Mankomunitateak eskaintzen dituen laneratze programak direla eta.
Aho batez
Azpiegitura atontzeko aukeratu duten lokala udaletxetik behera doan aldatsean dago, herriko tabernaren azpian, orain arte autoak aparkatzeko erabili izan den garajean. Obrak esleituta daude eta, aurreikuspenen arabera, hiru bat hilabete iraungo dute, lanak hasten direnetik.
EAJk eta Herriko Taldeak aho batez erabaki dute azpiegitura honi argi berdea ematea. Hain zuzen ere, aurrekontuetan jasoriko proiektua da. Garaiko Udalak 99.700 euroko inbertsioa egingo du azpiegitura berria sortzeko. Foru Aldundiak 39.000 euroko ekarpena egin dio aurrekontuari.